BioGurutzetak REF BIO II Pirinioez gaindiko ikerketa biomedikoko sarearen lehen topaketan parte hartu du Toulousen, urtarrilaren 12an eta 13an. Hiri arrosako unibertsitate-ospitaleko Hôtel-Dieu Saint Jacques-en bildu ziren partzuergoko eskualde kideetako (Araba, Aragoi, Baiona, Bizkaia, Errioxa, Gipuzkoa, Nafarroa eta Toulouse) 160 ikerlari baino gehiago.

BioGurutzetako hainbat ikerketa-esparrutako 10 ikerlari jardun ziren bertan, arlo hauen gaineko aurkezpenak egin zituzten: osasun-zientzietako teknologiak, medikuntza pertsonalizatua, birsortze-medikuntza, gaixotasun arraroak, plataforma teknologikoak, gaixotasun kronikoak eta zahartzea. Halaber, bilkurara gonbidatutako kideekin eta enpresekin bilerak ere egin zituzten.