Urtarrilaren 15ean, Biocruces Bizkaian Máximo Vento doktorea hartu genuen, Ama-haurren Osasunerako eta Garapenerako Sarearen (SAMID) 1. taldeko ikertzaileen bilera zela eta, horren koordinatzailea baita. Bilera hasteko, BioCruceseko zuzendariekin bildu ziren. Ondoren, sarearen ikerketak eta ekarpenak aurkeztu zituzten, baita 1. taldea osatzen duten ikertaldeen ardurak ere.
Ikertaldeen ordekari aritu ziren Begoña Lourerio doktorea (koordinatzailea), María Carmen Rey doktorea (talde esperimentala), Ainara Campino doktorea (farmazia taldea), Jorge Burgos doktorea (ginekologia taldea) eta Jose Ignacio Pijoan doktorea (INBERBAC taldea). Itziar Astigarraga doktorea ere izan zen bileran, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako zerbitzuburua eta Institutuko Ama-Haurren eta Laguntza bidezko Ugalketaren Arloko koordinatzailea.
Amaitzeko, BioCruces Bizkaiko zenbait eremu bisitatu zituzten, hala nola, mikroskopia, zitometria, animalarioa eta proba funtzionalen eremua.
SAMID sarea
SAMID sarea Adolfo Valls i Soler irakaslearen ekimenez sortu zuten. Izan ere, konturatu zen ez zegoela sarerik jaiotza-inguruko denboraldia eta haurren eta gazteen garapena ikertzen zuenik. Are gehiago, arlo horietako ikerketa esperimentala eta klinikoa egiten zuten taldeak egon arren, ez zeukaten elkarren arteko loturarik.
SAMID sarea 13 ikertaldek osatzen dute, eta haurdunaren, jaioberriaren, haurtzaroaren eta nerabezaroaren gaineko ikerketa indartzea du helburu. Diziplina anitzeko egitura baten bidez (obstetrak, neonatologoak, pediatrak, nutrizioko espezialistek, zainketa intentsiboetako medikuek, ikertzaile esperimentalak, etab.), haurdunen eta haurren osasuna hobetzeko helburua du, Osasun Sistema Nazionalaren ama-haurren arloko asistentzia optimizatuz.
Ekoizpen zientifiko handia eta finantzazio lehiakor esanguratsua izan dira azken urteetako SAMID sarearen ezaugarriak. Asmoa da ikertaldeen arteko harremana hobetzea eta, bereziki, Europako proiektuetan parte hartzen hastea, haien dimentsioak eta finantzazioak esponentzialki hobetu baitezakete txikien zaintzaren hobekuntza.