IRAILAK 21: ALHZEIMER-EN GAIXOTASUNAREN MUNDU EGUNA
Alzheimer-en gaixotasuna gaixotasun neurodegeneratibo bat da: neuronak suntsitu egiten dira eta, ondorioz, funtzio kognitiboak progresiboki eta erabat narriatzen dira (oroimena galtzea, hizkuntza alteratzea, eta orientatzeko sena eta funtzio exekutiboak galtzea). Trastorno kroniko eta progresibo bat da.
Alzheimer-en gaixotasuna (dementzia guztien % 50 eta % 80 artean) dutenek, horrekin batera, aldaketak izaten dituzte pertsonalitatean eta portaeran, eta eguneroko jarduerak egiteko gaitasun txikiagoa dute.
Kalkuluen arabera, gutxienez 40.000 pertsona inguruk dute dementzia edo narriadura kognitibo motaren bat Euskal Autonomia Erkidegoan soilik, eta horietatik 30.000k Alzheimer-en gaixotasun bat izango lukete. Mungiako azterketa epidemiologikoan –65 urtetik gorako bi mila pertsonak parte hartu zuten– frogatu zenez, prebalentzia % 9,1 handiagoa da emakumeetan eta 85 urtetik gorakoetan. Gurean egin zen azterketa horretan bertan, apatia zen jokabidearen trastorno ohikoena, eta dementzia bat garatzeko arrisku-faktoreak adina, emakumezkoa izatea eta iktusaren presentzia ziren.
Gaur egun, zahartzeari lotutako gaixotasunak dira herrialde garatuenetako osasun-sistemek aurrez aurre dituzten arazo handietako bat. Batez besteko bizi-itxaropena handitzearen ondorioz, zahartasunari lotutako gaixotasun kronikoak areagotu egin dira.
Eustaten datuen (proiekzioen) arabera, 65 urtetik gorako 500.000 pertsona inguru egongo dira EAEn (alegia, populazioaren % 25) 2020an, eta 85 urtetik gorako 100.000 pertsona inguru (talde horretan dementziak prebalentzia oso handia du). Esan daiteke 55.000 pertsona inguruk pairatuko dutela dementzia motaren bat, eta horietatik 40.000k Alzheimer-en gaixotasun bat izango dute.
BioCruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuaren ikerketa-ildoak
Manuel Fernández Martínez doktoreak (BioCruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuko Nerbio Sistemaren Gaixotasunen Arloko koordinatzailea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko kidea da) adierazi duenez, «gaur egun, 150 saiakuntza kliniko baino egiten ari dira Alzheimer-en gaixotasunaren harira; horietako batzuk II-III fasean daude, hainbat hurbilketarekin, eta gaixotasunean egongo liratekeen teorien eta ekintza-mekanismoen arabera».