2019ko azaroak 20: biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren (BGBK) eguna

Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa batez ere tabakismoak eragiten du, eta 40 eta 48 urte bitarteko pertsonen % 10i eragiten dio. Azken urteetan, gaixotasun hau duten emakumeen kopurua handitu egin da. Nolanahi ere, nolabait prebenitu egin daiteke bronkioei eta birikei eragiten dien gaixotasun kroniko hau tabakismoa saihestuz gero eta egonkortu egin daiteke tabakoa erretzeari utziz gero.

Egoera horri aurre egiteko, Osakidetza telemedikuntza txertatzen ari da azken urteetan hainbat patologiaren diagnostiko, jarraipen eta zainketan. Gainera, ikerketa-ildo garrantzitsuak ditu arlo horretan. Zehazki, Carlos III osasun-institutuak «Adimen artifizialaren inpaktua BGBK duten paziente berringresatuen telemonitorizazio-programa batean (telEPOC)» proiektua eman dio BioCruces Bizkaiari.

Proiektuaren helburua da adimen artifizialeko sistema batek BGBK duten paziente berringresatuen telemonitorizazio-programa aktibo batean aplikatzeak duen inpaktua zehaztea. BGBK duten paziente berringresatuen narriadura klinikoaren alarma-sistema bat, adimen artifizialean oinarritua eta telemonitorizazio-programa batean sartua (telEPOC), ezartzeak honako hauek ekarriko diru: emaitza klinikoak hobetzea; ingresuen, egonaldi-egunen, larrialdietako zerbitzuetarako bisiten eta pneumologia-kontsultetarako bideratzeen kopurua murriztea; inflamazio sistemikoaren markagailuak hobetzea, larriagotze larriak murriztuko direlako; eta antibioterapiaren eta ahotiko esteroideen txanda gutxiago erabiltzea.

TelEPOC programari esker, osasun-langileek etxean kontrola ditzakete maiz gaixoberritzen diren eta ospitaleko ingresuak behar dituzten BGBK duten paziente larrienak. Pazienteak bere bizi-konstanteak eta galdetegi labur baten erantzunak bidaltzen dizkio berari dagokion ospitaleko erizaintzako profesionalari, smartphone batetik. Datuok aztertu ostean, eta beharrezko jotzen bada, osasun-zentroko medikuarengana bidaliko dute, edo pneumologiako espezialistarengana, edota larrialdietako zerbitzura, ospitaleratu behar izan gabe.

Osakidetzan, telemedikuntzan aitzindari den beste programetako bat teleespirometriarena da; BGBKren plan estrategiko nazionalak saritu du jardunbide egoki gisa. Helburua zera da: espirometriaren kalitatea hobetzea Lehen Mailako Arretan.

Arnas gaixotasuna duen paziente kronikoak, ospitalean sartzen denean, narriadura klinikoa du, eta haren bizi-kalitateak ere okerrera egin du. Ahal denean, pazientea bere etxean kontrolatzen eta tratatzen saiatu behar gara; baina, zainketak erraztu behar ditugu, eta laguntza maila guztietatik lagundu: lehen mailako arreta, ospitaleratzea, praktika aurreratuko erizainak, laguntza psikosoziala. Kalitatezko pneumologia-laguntza emateko, arnas zainketetako etxeko programak behar dira, dimentsio anitzekoak eta koordinatuak, hain zuzen ere, etxeko arreta eta ospitaleratzea uztartzen dituztenak, baita arnas terapietako enpresak ere.

Funtsezkoa da diagnostiko goiztiarra, ondorio garrantzitsuak izan baititzake gaixotasun honek; esaterako, nekea ahalegin txikiak egitean eta bizi-kalitate mugatua. Diagnostiko goiztiarra, bada, erraz egiten da, espirometria baten bidez. Proba azkar eta erraza da, anbulatorio eta ospitaleetan egiten dena.

Hainbat ikerketak erakusten duenez, gaixotasun hori daukaten pertsonen % 50 eta % 75 inguruk ez dakite daukatela, dela gaixotasuna hasierako fasean dagoelako, dela pazienteak sintomak gutxietsi egiten dituelako (eztula, karkaxak, katarroak sarri harrapatzea eta, kasu batzuetan, arnasa hartzeko zailtasunak).

Gainera, BGBK ez da arnas aparatura mugatzen; aitzitik, agerpen sistemikoak ditu –eta beste organo batzuei eragiten die–, bai eta lotutako beste komorbilitate batzuk ere (adibidez, kardiopatia, hipertentsioa, osteoporosia, depresioa eta miopatia).

Gaixotasun honen oraingo erronkak dira jarduera fisikoa sustatzea, arnas errehabilitazioko programak garatzea eta, logikoa denez, neurririk efikazena tabakorik ez erretzea dela azpimarratzea. Hain zuzen ere azken hori dela eta, tabako-desohitzea nahitaezkoa da BGBK duten pazienteentzat.

BGBKren etorkizuneko lerroa, ikuspegi farmakologikotik, sortzen ari diren medikamentuen (tartean, agente antiinflamatorio berriak eta antigorputz monoklonalak) rol potentziala da. Alderdi nabarmena da, gogo handiz ikusten dena. Hain zuzen ere, BGBKren etorkizuneko tratamendu farmakologikoko aukeren artean, esku hartzeko estrategia berriak egon daitezke, bai eta inhalazio-terapia berriak ere –maneiuaren bizkarrezurra izan dira azken 20 urteetan–. BioCruces Bizkaian, pneumologia-taldeen BGBK lehentasunezko ikerketa-ildoa da.

Azken urteetako beste mugarri garrantzitsu bat, telemedikuntza txertatzeaz gain, ASBIEPOC (BGBK duten Bizkaiko gaixoei laguntzeko elkartea) sortzea izan da. Elkartearen helburuak honako hauek dira: pazienteei eta haien senideei arnas gaixotasunei buruzko informazioa ematea, pazienteentzako eta pazienteekin jarduerak egitea, arnas gaixotasun kronikoa duten pazienteen tratamenduan inplikatutako profesionalen sareak sortzea, eta gizarteari BGBKri buruzko informazioa ematea.

ASBIEPOC elkarteak zenbait ekitaldi antolatu ditu aurten BGBKren egunaren harira. Goizean, informazio-karpa jarriko dute Bilboko udaletxean, eta Bizkaiko pneumologiako profesional sanitarioek espirometriak egingo dituzte. Arratsaldean, saio bat egingo da BGBK duten pazienteentzat eta haien senide eta lagunentzat Dock aretoan (Mondragon Unibertsitateko auditoriuma), 18:00etatik 21:00etara.

Informazio-mahai Buenavistako Osasun Zentroa

 

 

 

 

 

 

Informazio-mahai Mamarigako Osasun Zentroa 

 

Noticia anteriorAntibiotikoak zentzuz erabiltzeko Europako Eguna
Noticia siguienteGosari teknologikoa Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroarekin