«Conect4children» (c4c) ekimeneko kideek azaldu dute lankidetzako sare pediatriko handi bat abiaraziko dutela, Europako biztanle pediatriko guztientzako medikamentu berrien eta beste terapia batzuen garapenean laguntzeko. Conect4children ekimenaren (Europako haurrentzako saiakuntza klinikoen elkarlaneko sarea, c4c partzuergoa) helburua da Europaren lehiakortasuna hobetzea, haurrentzako medikamentuak garatzeko eskualde erabakigarria izan dadin; horretarako, jada badagoen esperientzia erabiliko da, pazienteak inplikatuko dira eta ikerkuntza klinikoan aplikatutako prozesu komunen garapenaz baliatuko da haren arlo guztietan, hala nola gaixotasunen historia naturalaren azterlanetan, erregistroetan, terapia berrien azterketetan eta badiren terapien alderatzeetan.
Partzuergoa sektore akademikoaren eta sektore pribatuaren arteko lankidetza berritzailea da. Lankidetza horretan, Europako 20 herrialdeetako 33 kide akademikok eta industriako 10 kidek parte hartzen dute, 50 hirugarren alderdi baino gehiagorekin eta 500 bazkide ingururekin.
Proiektua sei urterako da, eta diziplina anitzeko partzuergo publiko-pribatu batek osatzen du, akademiako eta industriako funtsezko aktoreak biltzen dituena. Aukera aitzindaria da saiakuntza kliniko pediatriko multinazionalen kudeaketarako gaitasunak garatzeko Europa osoan, eta, aldi berean, haurren, gazteen eta haien familien ahotsa entzun eta agentzia erregulatzaileekin lotura estuak ezartzen dira.
Farmazia-konpainiek eta ikerkuntza-zentroek hainbat erronka zientifiko eta operatibori egin behar diete aurre, saiakuntza kliniko pediatrikoak egiten direnean. PENTA Onlus Fundazioko eta Padovako Unibertsitateko irakasle den eta proiektua koordinatzen duen Carlo Giaquinto irakaslearen arabera, «c4c ekimenak saiakuntza kliniko pediatrikoen diseinuarekin, inplementazioarekin eta kudeaketa operazionalarekin egingo die aurre arazo kritikoei, hala nola sustatzaile, ospitale eta herrialdeen ahalegin zatikatu eta erredundanteak izateari, indikazio pediatriko askotan dagoen paziente-eskasiari eta saiakuntza kliniko arrakastatsuak egiteko askotariko gaitasuna eta esperientzia duten ospitaleen beharrari».
Proiektu honen helburua azpiegitura jasangarri bat sortzea da, honako hauen bidez saiakuntza kliniko pediatrikoak egikaritzea optimizatuko duena:
Harremanetarako puntu bakarra izatea sustatzaile, ospitale eta ikertzaile guztientzat.
Saiakuntza klinikoak efizientziaz inplementatzea, ikuspegi sendoekin, kalitate-estandar homogeneizatuekin eta estatu mailako eta nazioarte mailako ospitaleen koordinazioarekin.
Estatuko sareekin eta hainbat espezialitateetako sareekin lankidetzan jardutea.
Goi-mailako kalitateko informazioa izatea, bideragarritasun estrategiko eta operatiboko ebaluazio zorrotzen bidez azterlanak diseinatzeko eta inplementatzeko.
Saiakuntza kliniko berritzaileen eta metodo zientifiko kuantitatiboen diseinua sustatzea.
Medikamentu pediatrikoen garapenaren etorkizuneko liderrak hezteko eta trebatzeko plataforma.
Jarduera horiek guztiak sostengatzeko egitura bat garatzea.
Proiektuaren funtsezko helburuetako bat da saiakuntza kliniko berritzaileen eta metodo kuantitatibo berrien diseinua erabiltzea, medikamentu berritzaileak garatzeko eta gaixotasun arraroen arloan eta behar mediko handiko arloetan garapenari laguntzeko.
BioCruces Bizkaiak «conect4children» ekimenean parte hartuko du RECLIP (Saiakuntza Kliniko Pediatrikoen Espainiako Sarea) sarearen bidez; horren helburua da maila nazionalean eta nazioartekoan lankidetza eta prozeduren estandarizazioa bermatzea, biztanleria pediatrikoarentzako medikamentuak garatzeko moduaren aldaketan buru izateko. RECLIPek proiektuan parte hartuko du Europa mailako ikerkuntza kliniko pediatrikoko sare nagusiekin batera, esaterako: FINPEDMED (Finlandia), INCIPIT (Italia) edo RIPPS (Frantzia).
Aurrekontua 140 milioi euro ingurukoa da (IMI2k 67 milioi euro jarri ditu, eta industriako bazkideek, berriz, 73 milioi); beraz, botika berritzaileak sustatzeko ekimen bateratuak (IMI2) finantzatutako ekimen handienetako da c4c, zeina 777389 zenbakidun diru-laguntzen akordioaren esparruan egin baita. IMI2 Europako elkarte publiko-pribatu handiena da eta Europar Batasunaren 2020 Horizontea ikerkuntzako eta berrikuntzako programak eta Europako farmazia-industriak –Europako Farmazia-industrien eta elkarteen federazioak (EFPIA) ordeztua– batera finantzatzen dute.