Gobernu-kontseiluak, Eusko Jaurlaritzak, Osasuneko sailburu Jon Darpónek proposatuta, erabaki du 734.000 €-ko diru-laguntza ematea BioCruces Bizkaiari eta Biodonostiari, euskal sistema sanitarioan gailu medikoak eta teknologia sanitarioa balioztatu eta erakutsi daitezen bultzatzeko. Erabakia Euskadi 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren zabalkundean kokatzen da; arlo nagusietako bat ikerketa sanitarioa da, Euskadiko sistema sanitarioaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia hobetzearen zerbitzura ezagutza sortzeko duen ahalmena dela eta.
Hobekuntza sanitarioei lotutako eginkizunengatik ez ezik, funtsezkotzat jotzen dira, halaber, RIS 3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren barruan ezarritako helburuei erantzuten dietelako ere. Eragile aktiboak dira lehentasunezko arlo tematikoetan eta, era berean, biozientzia-osasunaren eremuko ekimen estrategikoen barruan daude.
Testuinguru horretan, gailu medikoak eta teknologia sanitarioa balioztatzeko eta erakusteko prozesuak areagotu eta bizkortzeko beharra egiaztatu da, aipatutako programa estrategiko baten barruan produktuen garapenari laguntzeko. Innosasun programaren bidez, euskal sistema sanitarioaren eta industriaren arteko edo lotutako beste eragile batzuen arteko elkarreragina eta lankidetza antolatzen dira. Programa horrek euskal sistema sanitarioaren jarduna babesten du berrikuntzaren arloko garapenerako saiakuntza-banku gisa.
Sistema sanitarioak produktuaren edozein garapen-fasetan probak egiteko edo testatzeko kide gisa duen gaitasuna sustatzeko, jarduera batzuei babesa ematea erabaki da, normalean Ikerketa Sanitarioko Institutuek egin ohi dituztenen osagarri, besteak beste. Jardueren artean aipatzekoak dira, gailu eta teknologia medikoak baliozkotzea eta probatzea ez ezik, saiakuntza horiek egiteko behar den ekipamendua erostea.
Jarduera horiek osatzeko, erabaki da 734.000 €-ko diru-laguntza zuzena ematea Ikerketa Sanitarioko Institutuei. Zenbateko hori honela banatuko da: 388.000 € BioCruces Bizkaiari eta 346.000 € Biodonostiari.
Kopuru horiei Bioarabari emandako laguntza ere gehitu behar zaie, 266.000 €; horrela, milioi bat eurokoa da guztira babesaren zenbatekoa.