BioCruces Osasun Ikerketa Institutuak sukarra eta arnas konplikazioak dituzten umeen inguruan egindako ikerketek eboluzio nabarmena izan dute azken urteotan, eta, horri esker, arazo larriak are errazago zehazteko aukera ematen duten tresnak ditugu gaur egun. Larrialdietan eta Lehen Mailako Arretan kontsultarako bi arrazoi ohikoenak sukarra eta arnas arazoak dira, eta familien kezka-iturri dira, horrenbestez.
Horregatik, BioCruces institutuaren ikerketen helburuetako bat horrelako arazoak zehazteko metodoak hobetzea da. Diagnostikatzeko tresnak honako hauek dira: ebaluazio fisikoa (itxura, sintomak eta beste ebaluatzea) eta biomarkatzaileak aztertzea (odolean aztertzen diren substantziak, egoera biologikoaren berri ematen dutenak).
BioCruces institutuak sarean ere lan egiten du Espainiako beste erkidego batzuetako zein beste herrialde batzuetako pediatriako hainbat ikerketa-zentrorekin, bikaintasuna lortze aldera. Koordinazio horrek zuzeneko eragina du herritarrei ematen zaien arreta abangoardistan. Gaixotasun infekziosoak, minaren kontrola, istripuak eta beste eremu batzuk dira ikerketon jomuga.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Larrialdietako Zerbitzuko atalburu (Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESI) eta BioCruceseko ikertzaile Santiago Mintegi doktoreak nabarmendu duenez, familia batek, hiru hilabete baino gutxiagoko umeak sukarra duela ikusi, eta Larrialdietako zerbitzuetara berehala joatea erabakitzen du kasuen erdietan baino gehiagotan».
«Normala da gurasoak beldurtzea semeak edo alabak sukarra duenean. Gure erronka da zehazten jakitea nork duen osasun-arazo larri bat eta nork arrisku txikiagoa, familiei lasaitasuna emateko eta umearen segurtasun klinikoa lortzeko».
Arlo horretan egindako ikerketaren ondorioz, sukarra duten umeei dagokienez, azken hamar urteetan Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egindako esku-hartzeek nabarmen egin dute behera; hala, adibide gisa, % 50 gutxiago izan dira biztanle horiei jarritako ziztada lunbarrak, tratamendu antibiotikoak eta ospitaleratzeak. «Gainera, arlo horretako ikerketaren munduko erreferenteetako bat denez, hobekuntza horiek beste ospitale askotara zabaldu dira», nabarmendu du Mintegik.
Arnas konplikazioak
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Larrialdietako Zerbitzuko buru eta BioCruceseko Haurren eta Nerabeen Larrialdietako Arreta Ikertzeko eta Hobetzeko Estrategia Berrien taldeko koordinatzaile Javier Benito doktoreak, berriz, honako hau azaldu du: «Arnas arazoak dira umeen larrialdi ohikoenak. Pediatriako larrialdietako zerbitzuetan egunero ematen diete arreta asma, bronkiolitis edo pneumonia duten umeei. Gaixotasun horiek larriak dira batzuetan, eta eragin handia dute haien eta familien bizi-kalitatean».
«Esate baterako, gaur egun Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean asma-krisia duten umeen % 15ek baino ez du larrialdietan bi ordu baino gehiago egon behar, eta % 2 baino ez dute 24 ordu baino gehiago ospitaleratzen. Era berean, alferreko tratamenduak kendu dira oso ohikoak diren gaixotasunetan –bronkiolitisean, esaterako–, eta erdira murriztu dira, orobat, otitisa duten umeei agindutako antibiotikoak. Adierazle horiek oso onak dira inguruko edota Mendebaldeko beste herrialde batzuetako ospitaleekin alderatzen baditugu», nabarmendu du espezialistak.
«Halaber, eta asma-krisiaren tratamenduari dagokionez zehazki, arrakasta izan du arnas zailtasuneko sintomak azkarrago arintzea lortzen duten tratamendu berrien ikerketak. Hori horrela, BioCruces institutuak hainbat tratamenduk asma-krisi larrienei aurre egiteko zer-nolako eraginkortasuna duten egiaztatzeko azterketa batzuetan parte hartuko du datozen urteetan mundu osoko ikertzaileekin batera», adierazi du.
OSASUN ARLOKO IKERKETA ETA BERRIKUNTZA ESTRATEGIA 2020
Proiektu hau Osasun Sailaren Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia 2020 egitasmoaren barnean dago. Osasun-arloko langileek ikerkuntzaren eta berrikuntzaren alorreko jarduerak egitea sustatzea eta pazienteen eta herritarren parte-hartzea areagotzea da estrategia horren helburua.