-Sare honek helburu bat baino ez du: bizimodu osasungarri bat sustatzeko marko partekatu bat eraikitzea, hain zuzen.

-Osasunsarearen ibilbideari ekiteko, hamazazpi pertsonak hartuko dute parte jarduera fisikoa agintzeko programa batean.

-Parte-hartzaileei jarduera fisikoaren inguruko argibideak emango zaizkie, plan pertsonalizatu bat prestatuko da bakoitzarentzat eta hartutako ohiturak indartzeko udalak dituen baliabideei buruzko informazioa emango zaie.

Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIko Balmasedako Lehen Mailako Arretako Unitateak, Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzarekin eta Balmasedako udalarekin batera, tokiko osasun-sare bat abiarazi du: Balmasedako Osasunsarea. Sare horren helburu nagusia bizimodu osasungarri bat sustatzeko marko partekatu bat eraikitzea da eta, horretarako, aliantzak landuko ditu komunitatean, politiken eta jardueren arteko sinergiak sortuz eta pertsonen parte-hartzea eta ahalduntzea lortzeko ekarpena eginez.

Balmasedako Osasunsareak jarduera fisikoa sustatzeko programa batekin emango dio hasiera bere ibilbideari, astelehen honetan, urriak 17. Programa osasuneko arrisku-faktoreak dituzten herritarrei zuzendutakoa da eta bertan, sareko kideez gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi eta Kirol Sailak ere parte hartuko du. Helburua honako hau da: inolako jarduera fisikorik egiten ez duen eta patologia kronikoak dituen biztanleriaren % 30 horren ohiturak aldatzea.

Testuinguru horretan, Balmasedako osasun-zentroko langileen ardura izango da patologia zehatz bat duten pertsonak hautatzea, lehen fase honetako 17 parte-hartzaileak aukeratu arte. Horientzat, jarduera fisikoen programa bat diseinatu da, eta hori betetzeko astean bi egunetan kiroldegira joan beharko dute. Bi taldetan banatuko dira: lehen taldea kiroldegira joango da astelehen eta asteazkenetan, 10:00etatik 11:00etara, eta bigarren taldeak astearte eta ostegunetan izango du hitzordua, ordutegi berean, hau da, 10:00etatik 11:00etara. Zerbitzua urtebetez eskainiko da, joaten diren pertsonengan ohitura bat sortzeko asmoarekin, horrela, programa amaitutakoan ere beren kabuz jarduera fisikoa egiten jarrai dezaten. Urtea pasatzean, beste talde batekin egingo da lan, aukera berdina eskainiz.

Parte-hartzaileei jarduera fisikoaren inguruko argibideak emango zaizkie. Gainera, plan pertsonalizatu bat prestatuko da bakoitzarentzat eta hartutako ohiturak indartzeko udalak dituen baliabideei buruzko informazioa emango zaie. Era berean, osasun-arloko jarraipena egingo zaie «helburuak ebaluatzeko eta tratamenduarekin aurrera jarraitzea errazteko».

Zerbitzu bat eskainiko zaie jarduera fisikoa egiteko beharra izan arren, hainbat arrazoi direla medio, inolako ariketarik egiten ez dutenei. Ez da osasun-aholku bat bakarrik, jarduera fisikoa agintzeko ibilbide bat baizik. Osasun-zentroan hasiko da eta kiroldegian jarraipena izango du, harremanetarako eta egindako lana monitorizatzeko pertsona jakin batzuen laguntzarekin.

Jarduera berri honetaz gain, Balmasedan lanean ari gara dagoeneko beste programa batzuetan:

Tabako-kerik gabeko Balmaseda.
Oinarrizko osasun-prestakuntza eskoletan.
Kontsulta Gazte Gela.
Iceberg.
Paziente aktiboa.