Eskari kirurgikoa, faktore demografikoak eta teknologikoak motibo izanik, igotzen ari bada ere, egonkortu egin dira itxarote-zerrendak, ebakuntza gehiago programatu baitira

Baliabideak gero eta ardura gehiagoz erabiltzen ari dira, eta hori agerikoa da Larrialdietan arreta emandako kasu oso arinen beherakadan eta HAGen jardueraren gorakadan

Osakidetzako zuzendari nagusiak positiboki balioesten du euskal herritarren % 93k uste izatea osasun publikoak ongi edo oso ongi funtzionatzen duela (2014an baino bost puntu gehiago)

Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak, gaur, 2019ko lehen seihilekoko balantzea aurkeztu du, Andoni Arcelay Osasun-laguntzako zuzendariarekin batera. Ondorio nagusien artean nabarmendu du nahiz eta eskaria etengabe handitzen doan, biztanleriaren zahartzeak eta, anestesia- eta kirurgia-tekniken aurrerapena dela eta, paziente gehiagori ebakuntza egiteko gaitasunak motibatuta, lortu dela itxarote-zerrenda egonkortzea, programatutako jarduera kirurgikoaren gorakadaren ondorioz, zeinak % 2,6ko hazkuntza izan baitu.

Urteko lehen sei hiletan izandako emaitzak, Osakidetzako zuzendariaren iritziz, positiboak dira, eta erakusten dute norabide horretan lanean jarraitu behar dela, kalitatekoa den eta herritarrengandik hurbil dagoen euskal osasun-zerbitzurako. Gogorarazi duenez, euskal herritarren % 93k uste du osasun publikoak ondo edo oso ondo funtzionatzen duela (2014an baino bost puntu gehiago), azken Euskal Soziometroaren datuen arabera. % 67k uste du, gainera, Euskadin eskaintzen diren zerbitzuak Estatuko gainerako lekuetan eskaintzen direnak baino hobeak direla.