Osakidetzako ospitaleetan ospitaleratuta dauden umeek beste baliabide berri bat dute, ospitaleko egonaldia atseginagoa izan dadin. Ospitaleratzea hastean, ume bakoitzak orri-markatzaile batzuk jasoko ditu; haietan, QR kode batzuk ageri dira eta, haien bidez, edukiak deskargatu ahalko dira, audioliburu gisa.

Hala, dauzkaten gailuetatik, dela tabletetatik dela telefono mugikorretatik, adinetara egokitutako eta EAEko telebista publikoaren programazioari lotutako edukiak eskuratu ahalko dira. Nerabeen arteko zenbait programa arrakastatsu, hala nola Goazen, edo ipuin tradizionalak izango dira EITBk lagatako audioliburuen eskaintzan.

12.000 orri-markatzaile banatuko dira Osakidetzako ospitale-sareko Pediatriako zerbitzuen artean, EITBk ekimen honetan eginiko lankidetzari esker. Proiektuaren bidez, txikienek ospitaleratuta dauden bitartean entretenitzeko daukaten eskaintza zabaltzen lagundu nahi da; gainera, pandemia hasi zenetik, eskaintza hori murriztu egin da, Covid-19a dela eta hartu diren neurrien ondorioz, paperezko materialaren erabilera murriztu behar izan baita, hala nola adingabeen artean erabiltzen ziren liburuak eta ipuinak.

Formatuaren aldetik, audioliburuen bidez ez dira liburu tradizionalak ordezkatu nahi, baina jolasteko eta ondo pasatzeko tresna handia ere badira; izan ere, irudimena suspertzen dute eta arretari eusteko gaitasuna sustatzen dute, ez baitute irudien ikusizko laguntzarik. Gainera, formatu horren bidez, zenbait mekanismo garatzen laguntzen da, besteak beste, ulermena, hizkuntza eta komunikazioa.

Osakidetzak EITBk lagatako audioliburuetara haurrak sartzeko ekimen hori ospitaleratutako umeen osasun-asistentzia leuntzen laguntzeko estrategiaren barruan sartzen du, eta, horrelako elkarlanen bidez, ume horien bizi-esperientzia hobetu nahi du, EAEko ospitale publikoetan egiten dituzten egonaldietan.