Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Farmazia, Informatika eta Hematologia sailak saritu dituzte Tendiendo Puentes onkologia mediko, hematologia eta farmazia onkohematologikoko 7. kongresuan, «Arreta integrala eta maila asistentzialen arteko koordinazioa bitarteko informatikoen bidez, ahotik hartzeko antineoplasikoen tratamenduarekin dauden pazienteei begira» lanarengatik.
Lan horren helburua da, sistema informatikoak eta historia kliniko elektronikoa garatuta, pazienteen arretan aurrerapausoak ematea. Ahotik hartzeko antineoplasikoen tratamendua duten pazienteetara eraman nahi izan da ideia hori, pazienteotan berebizikoa delako zainketen jarraitutasuna bermatuta egotea eta maila asistentzialen arteko komunikazioa egokia izatea.
Helburu horrekin, Farmazia Zerbitzuak Lehen Mailako Arretako medikuen agendetan kontsultak sortu ahal izateko bitartekoak ezartzea erabaki zuen, horien bidez jakitera eman ahal izateko medikazioari buruzko zalantzak eta gorabeherak. Aurrez aurrekoak ez diren hitzordu horien bidez, profesionalek elkarrekin komunikatzeko aukera dute pazientearen mende egon gabe, eta, gainera, kontsulta hori jasota geratzen da historia kliniko elektronikoan.
Halaber, Informatika Sailak VALFAR©-en beste aplikazio bat garatu du, ospitalean eman beharreko sendagaien eta pazientearen ohiko tratamenduaren arteko elkarreraginak hauteman ahal izateko. Farmazia eta Hematologia sailek baliozkotu zuten utilitate berri hori, ospitalean eman behar zitzaien ahotik hartzeko antineoplasikoekin tratamenduan zeuden leuzemia mieloide kronikoa diagnostikatutako pazienteekin. Utilitatea «e-osabide kanpo-pazienteak» preskripzio-sistemaren eta gure erakundearen preskripzio-sistemen arteko konexioari esker garatu da.
Ekintza horiekin, arreta bateratu eta adostuagoa eskain diezaiekegu ospitalean eman beharreko sendagaiekin tratamenduan dauden pazienteei.



