2015eko abenduaren 22an, NBEk Zientziaren Arloko Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna izendatu zuen, honako helburuarekin: «Emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta partaidetza osoa eta berdintasunezkoa izatea lortzea, baita arlo honetan genero-berdintasuna eta emakumeen eta nesken ahalduntzea lortzea ere».
Gure ingurunean, goi-mailako irakaskuntzarako sarbide librea 1910ean abiatu zen. Orduan, fakultateko ikasleen % 0,17 ziren emakumeak; gaur egun, berriz, % 55. Goi-mailako irakaskuntzan gehiengoa izateaz gain, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan espediente hobeak lortuta iristen dira. Egoera hain itxaropentsua izanik, zergatik sortu egun bat goiburu horrekin?
Argitalpen askotan (1,2) islatzen denez, haurtzarotik zabaltzen diren genero-estereotipoek ikasketen hautaketan eragiten dute eta % 30 bakarrik dira gizartean gehien balioesten diren STEM titulazioetako ikasleak (Science, Technology, Engineering, and Mathematics). Hala, «emakumea-irakaslea-erizaina» eta «gizona-ingeniaria-informatikaria» irudia betikotzen da. Emakume gazteek Osasun Zientziak aukeratzen dituzte, asistentzia- eta zainketa-profilagatik. Bitxia bada ere, kasu batzuetan ikasleen feminizazioa ez da irakasleen artean ere islatzen, logikak aurkakoa pentsarazi arren. Muturreko adibidea UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatekoa izango litzateke. 2000-2001eko datuei jarraituz, emakumezko ikasleak % 77 ziren, baina irakasleak % 20 bakarrik (aurreko 10 urteetan ez zen aldatu) (3).
Egoera horretatik 20 urte igaro diren arren, emakumezko talentuaren galera etengabea da, CSICek 2020an egindako «Emakume ikertzaileak txostena» dokumentua aztertuz ikusten denez (4), eta «aurreko urteetakoekin alderatuz, ondorioztatu daiteke erakunde horretan emakume eta gizonen ibilbide zientifikoaren bilakaera irudikatzen duen “guraize” grafiko ezaguna modu kezkagarrian aldatu dela. Aurreko urteekin alderatuz doktoratu aurreko emakumezko kontratatuen kopurua nabarmen murriztu izanak eragin du aldaketa hori, nagusiki. Azken 6 urteetan (2014-2019), emakumezkoen kontratazio horietan % 14ko jaitsiera izan da… Egoera horri buelta ematen ez bazaio, CSICen ikerkuntza-arloan genero-berdintasuna lortzea arrisku bizian jarriko da».
Beirazko sabaiak eta soldaten arrakalak bere horretan jarraitzen dute. Emakumeek kontratu bat lortzeko zailtasun handiagoak dituzte, sustapenetan parte hartzeko oztopoak (lanaldi partzialak, zainketak, etxeko lana…) eta beste datu bat: emakumeek lana uzteko arrazoi nagusia kontziliazioa da; gizonen kasuan, berriz, lan hobea lortu izana. Beraz, erraz ulertu daiteke lan-ibilbidean emakumeak galtzea eragiten duen «tutu zulatuaren» (leaky pipeline) teoria.
Mundu osoko hainbat emakumezko zientzialari konturatu dira desparekotasun horretaz eta agerian jarri eta aurre egiteko talde eta ekimenak sortu dituzte. «Matilda efektuak» sortutako inpaktua nabarmentzen da. Matilda Joslyn Gage sufragista estatubatuarraren (1826-1898) omenez sortu zen eta emakumezko ikertzaileen arrakasten aintzatespen falta salatzen du. Estatuan, AMIT erakundeak (Emakumezko Ikertzaile eta Teknologoen Elkartea) (5), Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoaren babesarekin, #NoMoreMatildas kanpaina abiatu du (6); izan ere, erakundeko lehendakari Carmen Fenollek dioen bezala: «Zientziaren historian emakumezkoen irudiak falta izatearen ondorioz, beste emakume batzuek (baita haurrak eta gazteak ere) zientzia gizonen kontua dela pentsatzen dute. Gainera, gizarteak, familiek eta ikastetxeek sistematikoki zalantzan jartzen dute neskak zientzian jarduteko egokiak eta gai izatea eta, azkenean, neska horiek beren burua zalantzan jartzen dute».
Gure EEG ESIan, BioCrucesek duela urte batzuk BioQ taldea sortu zuen eta oroitzapen egun horretarako jarduerak antolatzen ditu, institutuko emakumezko ikertzaileen irudiak erabiliz eta topaketak eginez; aurten, formatu birtualean.
«Generoa eta Osasuna» eremuan, «Argitalpenak, Prestakuntza, Ekitaldiak eta Ikerketa» atalean, gai honi buruzko artikulu eta esteka interesgarriak daude, ohar honetako bibliografian aipatutakoez gain.
Generoa eta Osasuna Taldea
Bibliografia