«Ez bota etxean, birziklatu egingo dizkizugu» lelopean, ESIko Energia eta Ingurumen Sailak ekonomia zirkularreko proiektu pilotu bat jarri du abian, arrisku biologikorik ez duten maskarak birziklatzeko. Horretarako, berariazko edukiontzi batzuk jarri dira ospitaleko zortzi gunetan eta hiru osasun-zentrotan (Errepelega, Kabiezes eta Trapagaran).
2020ko abenduko plantilla aktiboaren datuen arabera, pertsona batek egunean maskara bat erabiltzen duela kontuan hartuta eta maskara batek gramo bat plastiko suposatzen duela kalkulatuta (plastikoak zenbat pisatzen duen eta horren ehunekoa zein den modeloaren araberakoa da), ia 2,5 tona plastiko sortzen ditugu urtean, eta ez dira birziklatzen.
Horrela, abian jarri da proiektu hau. ESIa Lantegi Batuakekin eta Zorroza Gestiónekin elkarlanean ari da, eta helburua da ingurumenean eragin handia duen produktu bat berrerabiltzea. Maskarak dituzten edukiontziak aldizka bildu ondoren, hondakin horri pirolisi-prozesu bat egiten zaio, eta olio bihurtzen da –lehengai bat–, dela erregai sintetikoak sortzeko, dela produktu plastiko berriak (besteak beste, maskara berriak) fabrikatzeko erabiltzen den «hondarra» egiteko.
HealthCare zirkularra
Ekonomia zirkularra tresna egokia da baliabideak efizientzia handiagoz erabiltzea sustatzeko, eta, aldi berean, jarduera ekonomiko berritzaile eta jasangarriagoak garatzen laguntzen du, eskura dauden tokiko baliabideak aprobetxatuz.
ESIak, ekonomia zirkularraren aldeko apustuan, Europako Healcier proiektuan parte hartzen du Akitaniako, Euskadiko eta Nafarroako erakundeekin batera. Proiektu hori Interreg POCTEFA programak finantzatzen du. Healcier-en helburua da baterako hausnarketa-prozesu bat egitea, baliabideak efizientzia handiagoz erabiltzeko aukerak identifikatzeko, balio-katearen zirkulartasuna sustatuz osasun-arloan, negozio-eredu, jarduera ekonomiko, produktu eta zerbitzu berriak garatzeko. Maskarak birziklatzeko ekimena Europako proiektu honen esparruan kokatzen da.