Maiatzean eta ekainean, Mariela Cabrera González eta Luz Mariana Martínez doktoreek, Arreta Klinikoaren Kalitatean espezializatutako mexikar egoiliarrek, kanpo-txandakatzea egin dute Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Helburua: etengabeko hobekuntzako, berrikuntza sanitarioko eta balio-kulturako metodologiekin ohitzea, osasunean, segurtasun klinikoan eta erabiltzailearen esperientzian oinarrituta.
Hurrengo lerroetan, beren esperientzia pertsonal eta profesionalen aberastasun eta aniztasunaren berri ematen duten lekukotasunak jasoko ditugu.
Ikasketak eta lan-ibilbidea
MARIELA CABRERA GONZÁLEZ
Zirujau edo kirurgialari gisa trebatu zen Guadalajarako Unibertsitate Autonomoan (UAG), Zapopanen (Jalisco, Mexiko). Unibertsitateko campusean egin zituen lehen lau urteak; bosgarren urtea Aranda de la Parra Ospitalean eman zuen mediku egoiliar gisa, eta seigarren urtea campusean bertan eman zuen, gizarte-zerbitzua betetzen, jarduera akademikoetan lagunduz.
Mediku kirurgialariaren titulua lortu ondoren, laneko mediku gisa lan egin zuen bi urtean automobilen enpresa batean eta sektoreko beste hiru enpresatan. 2023an, Egoitza Medikoetarako Azterketa Nazionala (ENARM) gainditu eta gero, Arreta Klinikoaren Kalitatea deritzon espezialitateari ekin zion, eta gaur egun hirugarren eta azken urtea egiten ari da.
LUZ MARIANA MARTÍNEZ

Mediku kirurgialariaren titulua lortu zuen Guanajuatoko Unibertsitatean (2016-2023), bikaintasuna aterata. Geroago, Arreta Klinikoaren Kalitateko espezialitatea egin zuen unibertsitate horretan, eta gaur egun hirugarren eta azken urtea egiten ari da bertan egoiliar gisa. Aldi berean, 2024az geroztik, Ospitale eta Osasun Zerbitzuetako Administrazioaren Maisutza ikasten ari da Guadalajarako Unibertsitatean.
Zergatik aukeratu zenuten Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea zuen prestakuntza osatzeko?
MARIELA CABRERA GONZÁLEZ
Txandakatzea Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean erabaki nuen Kalitatean espezializatutako mexikar mediku Sandra Oyuki Ayala Casas doktorearen gomendioz, Mexikon, txandakatze bat berarekin egin eta gero. Ospitale honetan egindako nazioarteko txandakatze batean izan zuen esperientzia aberasgarriaz hitz egin zidan Ayala Casas doktoreak, eta ospitalearen estatuko ospea nabarmendu zuen, bai eta prestakuntza-zentro gisa darabilen bikaintasuna ere. Ospitalea gure espezialitateko programara egokitzen zela ikusita eta aukera handitzat jota, txandakatzea hemen egiteko izapideak egiten hasi ginen.
LUZ MARIANA MARTÍNEZ
Nazioartean ospe handia duen erakundea da, ospitaleen kalitatearen eta kudeaketaren arloan, eta bertako prozedurak eta lan-metodologia aztertzean, gure prestakuntzarekin ezkontzen zela ikusi nuen. Gainera, kalitatearen ikuspegi askoz zabalagoa eta helduagoa duen erakundea da, eta horrek berebiziko garrantzia dauka osasun-arloan, baina Mexikon oraindik ere ez dago hain garatuta. Hortaz, ildo horri lotutako ikuspegia, eta nazioarteko ospea daukan horrelako ospitale batean lan egiten duten pertsonen ekarria kontuan hartuta, aukera bikaina iruditu zitzaidan, eta, hautatzerakoan, aukera baliatu behar nuen, batez ere, kalitatean espezializatutako profesional gisa etorkizunean aplikatu nahi dudan ikuspegi gizatiar eta berritzaileagatik.
Zer-nolako itxaropena zeneukaten txandakatzearen hasieran eta zein neurritan bete dira ospitalean eman duzuen aldian?
MARIELA CABRERA GONZÁLEZ
Oso itxaropen handiz iritsi nintzen, ospitaleak bere kalitate-sisteman darabilen heldutasunaz eta aurrerapenez jabetuta. Esperientziak sobera gainditu zituen nire itxaropenak. Talde oso-osoa aurkitu nuen, ongi definitutako eginkizunak esleituta zituena eta saila bera aberasten dutenak. Irakasteko prestutasuna agertu zuten beti eta gure zalantzak argitzeko prest egon ziren une oro. Gainera, eskarmentu handia dute kalitatearen hainbat arlotan.
LUZ MARIANA MARTÍNEZ
Itxaropen handi-handiak nituen, batez ere, kalitatearen arloan, Espainia eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferenteak direla jakinda; hona iristean, atsegin hardia hartu nuen, itxaropen guztiak asebete ez ezik, gainditu ere egin zirelako, Berrikuntza eta Kalitate Zuzendariordetzak gauzatzen dituen proiektu eta kudeaketa-lanen tamaina, garrantzia eta irismena aintzat hartuta.
Bi hilabete hauetan, zer jarduera eta proiektu nagusitan parte hartu duzue?
MARIELA CABRERA GONZÁLEZ
Lantaldeak irakaskuntza-guneak eskaini zizkigun, hango eginkizunak azalduz eta gure kezkak argituz. Hainbat bilera eta batzordetan parte hartu izan dugu. Psikiatriako humanizazio-kongresu batean parte hartu genuen, eta eguneroko jardueretan ere gogozko parte-hartzea izan genuen. Gure prestakuntzan interesgarriak diren arloetan ere esku hartu dugu (Psikiatria eta Artxibo klinikoa). Lantaldeko kideei lagundu genien arriskuen inguruko kanpo-bileretan, kode arrosako simulakro baten kudeaketaren lekuko izan ginen, eta, zehazkiago, sendagaien izakinen eskuliburuan.
LUZ MARIANA MARTÍNEZ
Cristina Rodríguez kalitateko goi-mailako teknikariaren aldean, gogotik parte hartu nuen kopiatu-itsatsi delako erabileraren jardunbide egokien eskuliburua osatzen, bai eta historia klinikoa ebaluatzeko galdetegia berregituratzen ere.
Jardueren barruan, gainera, Haizea Pombo Berrikuntzako teknikariarekin parte hartzeko aukera izan nuen gibeleko transplantea jasotako pazienteentzako tailerrean eta historia klinikoko erreferenteen hainbat bileratan, bai eta humanizazio-batzordean ere.
Era berean, Kalitate Unitateko teknikariek hainbat bileratara joateko aukera eman zidaten, besteak beste, honako hauetara: garapen jasangarriko helburuak, lehen mailako arretako pediatriako PEL (produktuaren ezaugarrien laburpena), historia klinikoko erreferenteak, historia klinikoko batzordea, arriskuen kudeaketa eta urteko kudeaketa-plana.
Zer alde sumatu dituzue ospitale honetako segurtasun- eta kalitate-kulturaren eta zuen jatorrizko tokiko kulturaren artean?
MARIELA CABRERA GONZÁLEZ
Ospitale honetan ikusi dudan kalitate-kultura benetako erreferentea eta bastioia da guretzat. Mexikoko osasun-erakundeetan ezartzea biziki egokia izango litzatekeen jardunbide egokien estandarra da, batez ere, kalitate-kulturari dagokionez.
LUZ MARIANA MARTÍNEZ
Oro har, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko langileek askoz helduagoa eta parekatuagoa ikusten dute kalitatearen eta segurtasunaren kultura, gure jatorrizko ospitalean baino (HRL ISSSTE); pazientearen segurtasunaren inguruko ekintzei doakienez, babesgailu eta estrategia gehiago daude ESIn gure ospitalean baino, eta horrek ahalbidetzen du helburu lorgarriagoa izan dadin eta segurtasuna zehaztasun handiagoz berma dadin. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearekin erkatuta, nire ospitalearen aldeko alderdi positibo bakarra da kontrako gertaeren, ia akatsen eta jagole-gertaeren (kaltedun eta kalterik gabeko gertaerak) jarraipena egiteko metodologia.
Txandakatzearen ondotik, zer ikasbide iruditu zaizue baliotsuen zuen lanbide-prestakuntzari begira?
MARIELA CABRERA GONZÁLEZ
Txandakatzeak gaur egun non gauden balioestekoaukera eman dit, gure indarguneak eta hobekuntza-arloak ezagutzeko, eta aurrera norantz egin nahi dugun ikusteko. Zalantzarik gabe, gure etorkizuneko prestakuntza eta garapen profesionalerako erreferentziazko alderdi oso baliotsua da. Bereziki, kalitatezko gaien antolaketa-heldutasuna eta humanizazio-ildoaren aurrerapena nabarmenduko nituzke, kultura sendoa lortzea helburutzat hartuta, lanean jarraitzeko motibazioa ematen baitute.
LUZ MARIANA MARTÍNEZ
Nire ustez, ezin dut esan baliotsuena zer izan den; hain zuzen ere, nire ospitalearen kalitatean ez ezik, nire estatuan eta herrialdean ere eragin handia izan dezaketen hainbat eta hainbat jardunbide egoki, ideia eta proiektu eramango baitut aldean; hala eta guztiz ere, zinez uste dut garrantzitsuena izan dela ospitaleko pazienteen ahotsari ematen zaion garrantzia, bai eta pazienteek instalazioen barruan egunerokoan izaten duten esperientziari ematen zaion balioa ere.
Pazienteak bere sentimendua eta bizipenak adieraz ditzan, judiziorik eta errepresaliarik gabeko benetako espazioak eskaintzeak aukera eman zidan pertsonek askotariko egoerak pairatzen dituztela ikusteko, baina gu, osasun-langileok askotan ohartu ere ez gara egiten; era berean, konturatu naiz erakundeetan lan egiteko eta erabiltzaileei eskaintzeko “garrantzitsuentzat” jotzen dena oso urrun dagoela errealitatetik. Horri esker, jakin dut zer hobekuntza-alderdi garatzerakoan, pertsonei entzutea beste modu hoberik ez dagoela; era berean, ohartu naiz erakunde batek ez duela “askorik” behar aldaketak sortzen hasteko pazienteentzat eta senideentzat; eta abiatzen den aldaketa hori dela bitarte, erabakitasunez alda daiteke erabiltzaileek bizi dutena eta, bide batez, osasun-erakunde baten barruan duten esperientzia. Pazienteei, elkarteei eta senideei entzutea eta haien ikuspegia zehatz-mehatz ezagutzeko proiektuak garatzeko aukerarik ez dut izan orain arte, eta, nire iritziz, profesional gisako garapena ez ezik, gizaki moduan hazteko ere irakasbidea eman zidan.
Zuen ustez, nola eragingo dute ezagutza eta esperientzia horiek zuen etorkizuneko jardun medikoan?
MARIELA CABRERA GONZÁLEZ
Batez ere, esperientziak motibatzen nau. Gure ospitalean eta, oro har, Mexikoko osasun-sisteman kalitate- eta segurtasun-gaietan egunero aurre egiten diogun erresistentzia askatzea denbora kontua baino ez dela erakutsi digu. Ospitale honen moduko tokiak badirela jakitea, osasun-arretan hobekuntzak ezartzeko talde indartsu eta konprometitua dutenak, bai eta gobernu-erakunde gisa laguntzea ere, horra iritsi nahi dugulako adibide garbia da.
LUZ MARIANA MARTÍNEZ
Hasteko, berretsi nuen nire erakundean eta herrialdean egin nahi dudanari buruz dudan ikuspegiaesaten zidaten bezain eskuraezina ez dela, ezta nik neuk uste nuen bezain lortezina; nik beti jakin izan dut nire bizi-eginkizuna gizarteari zerbait onuragarria uztea dela, nire irismenetik eta nire lekutik. Orain, esperientziari eta txandakatzean lortu dudan ikasbideari esker, konturatu naiz nik pentsatzen nuena baino askoz beharrezkoagoa dela, eta horrek indartu egiten nau, nire herrira eta ospitalera pertsonen aldeko printzipioetan eta osasun-arretaren humanizazioan lan egiten jarraitzeko gogo handiagoz itzultzen naizelako.
Nire ustez, txandakatzeak eragin handia izan du nire ikuspegian, hau da, paziente batek benetan behar duenari loturiko ikuspegian, eta, horrekin batera, ikuspegi berritu hori izateak nire prestakuntza- eta lan-ahaleginak askoz gehiago ehuntzen lagunduko dit, parte hartzen dudaneko ekintzek eragin positiboa izan dezaketen pertsonek gizakiak direlako merezi duten duintasuna, errespetua eta esperientzia erdiets dezaten, eta uneren batean, nahiz eta pixkanaka-pixkanaka izan, nire herrialdeko osasun-sistema hobetzen joan dadin, pertsona guztientzako gizatiarragoa eta duinagoa den ildoari jarraikiz.
Azken batean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egon ondoren, ez ditut nire pazienteen beharrak modu berean ikusiko, eta espero dut horrek nire lana eta bizi-eginkizuna artezten lagunduko didala, erabiltzaileen esperientzia eta osasun-arreta hobetzen jarraitzeko.
Ba al dago bereziki hunkitu zaituen pasadizorik edo esperientziarik ospitalean egon zareten bitartean?
MARIELA CABRERA GONZÁLEZ
Gogoan dut nire lehen egunean hasteko irrikaz nengoela eta apur bat galduta ospitalearen tamainagatik, baina batez ere urduri, irakaskuntza nolakoa izango zen eta ondo hartuko ote ninduten eta egoki irakatsiko zidaten. Hasiera-hasieratik, tratua hain izan zen atsegina eta adeitsua, ezen berehalakoan konfiantza hartu bainuen.
LUZ MARIANA MARTÍNEZ
Bai, lehen aipatu dudan bezala, gibeleko transplantea zuten pazienteentzako tailerrean parte hartzeko aukera izan nuen; paziente horiek transplantearen aurreko, transplantearen bitarteko eta transplantearen osteko prozesuan izandako esperientziak eta bizipenak antzematen lagundu zidan jarduera horrek. Pazienteekiko harremanetan egon izanak eta haiek kontatzeko zeukatena lehen pertsonan entzuteak begiak zabaldu zizkidan, ez bakarrik osasun-erakunde batek bere ahalegin eta baliabide asko eta asko horrelako dinamiketan eman behar dituela konturatzeko, han artatzen diren pertsonek beren gaixotasunari loturiko patologiak sorrarazitakoabaino gogorrago jasan ez dezaten. Alabaina, era berean, pertsona gisa hunkitu ninduen, agian pazienteek adierazteko zuten moduak, edo beren bizitza ikusteko zuten aldeko jarrerak konturatzeko modua eman zidan egoera konplexuak izango ditugula guztiok gure bizitzan zehar, baina espero genuen bezala irten ez zen horri soilik helduz gero, horrek ez digu askoz gehiago emango egiazko egoera balioetsi eta aztertzen badugu baino; azkenean eraiki gaituen hori hartuko dugulako, ez bakarrik suntsitu ahal izan gaituena.
Esperientziak nire bizitzako gai pertsonal asko birplanteatzea ekarri dit. Banekien ordura arte ez zeudela ondo kudeatuta, baina ez nien merezi zuten eragina eta arreta eman. Azken batean, egiteko asko daukat Gurutzetako Unibertsitate Ospitaletik aldean daramadan guztiarekin; banekien ez nintzela kalitatearen inguruan ikastera soilik etorriko, baina hemendik eskuak bizi-irakaspenez beteta joateak erakutsi dit, alde guztietatik begiratuta, hain urrutira bidaiatu izanak merezi izan duela, aurreneko egunetik bertatik. Ez nire lanbidea, ez nire bizitza, ez nire pertsona, ez dira berdinak izango txandakatze honen ondotik.
Era berean, ezin dut aipatu gabe utzi zuzendariordetzara iritsi nintzenetik harrera beroa eta inklusiboa izan nuela alderdi guztietan, betidanik bertan lanean eta ikasten ari nintzela sentiaraziz. Hainbeste jardueratan parte hartzeko baimena eman izana, eta zuzendariordetzako eta ESIko pertsona guztiek, oro har, hain harrera beroa egin izana esperientzia bikaina izan da, eta nire buruan zein bihotzean gordeko dut nire bizitzako egun guztietan. Zalantzarik gabe, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean beti izango dute nire bihotzaren zatitxo bat.
Mariela Cabrera González eta Luz Mariana Martínez doktoreak bat datoz Gurutzetako Unibertsitate Ospitaletik igarotzea eraldatzailea izan dela pentsatzean, bai maila profesionalean, bai pertsonalean. Mexikon osasun-arreta hobetzen laguntzeko ikaspenak, tresnak eta motibazio biziberritua daramate aldean, betiere pazientearen esperientzia eta ahotsa erdigunean jarrita.

