Prestakuntzaren bidez eremu kirurgikoan segurtasunaren kultura sustatzea Osakidetzaren 2017-2020ko erronkak eta proiektu estrategikoak dokumentuan jasotako ekintza-ildoek ezartzen dituzten konpromisoetako bat da.

EEGko ESIan, ildo horretan aurrera egiten jarraitu nahi izan dugu, eta bloke kirurgikoan segurtasun integralari buruzko online ikastaro bat sortu dugu. Pazientearen eta profesionalen segurtasunarekin lotutako alderdiak eta ingurumena babesteko konpromisoa barne hartzen ditu ikastaroak.

Abenduaren 1etik aurrera egongo da profesionalen eskura prestakuntza-ikastaro hau Jakinsarean, eta bloke kirurgikoko segurtasun-taldeen eta EEG ESIko prozesu kirurgikoko taldearen beharrak eta ekimenak jasotzen ditu. Izan ere, 2021eko kudeaketa-planean zehaztutako helburuekin, segurtasuneko prestakuntza hori egitea proposatu zen, bloke kirurgikoan inplikatutako langile guztiak prestatzeko eta kontzientziatzeko.

Beraz, Zerbitzu Kirurgikoetako hainbat kategoriatako profesionalen talde-lanaren emaitza da. Prestakuntza horren sorreran zuzenean parte hartu dute, eta batez ere hainbat bideoren erabileran oinarritzen diren edukiak garatu dituzte, kirurgiako eremuan egunero egiten duten lanean arreta jarrita. Gainera, eremu horretan funtsezkoak diren zerbitzuek ere parte hartu dute: Medikuntza Prebentiboko Zerbitzua, Lan Osasuna, Ingurumena, Berrikuntza eta Kalitateko Zuzendariordetza eta Komunikazio Medikoko Unitatea.

Modulu guztiek bideo-formatuko baliabideak dituzte, ikaskuntza errazteko, bai eta autoebaluazio-probak ere. Ikastaroa gainditu izana egiaztatzeko, amaierako test bat egin behar da, gainera. Jarduera honi 2,4 kreditu eman dizkio Profesional Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluak.

BLOKE KIRURGIKOKO SEGURTASUNEKO IKASTAROA

  1. Kirurgiako eremuko asepsiako eta ingurumen-biosegurtasuneko jardunbide egokiak
  2. Laneko Arriskuen Prebentzioa
  3. Operazio-gelako ingurumeneko jardunbide egokiak
  4. Tresna kirurgikoen trazabilitatea
  5. Segurtasun kirurgikoko egiaztapen-zerrenda
  6. Ebakuntzak okerreko leku kirurgikoan egitea ekiditeko protokoloa
  7. Pazientea mugitzea eta kokatzea
  8. Transfusio-segurtasuna operazio-gelan
  9. Anatomia patologikoko laginen trazabilitatea
  10. Bloke kirurgikoko segurtasun-taldeak