Gaur goizean Santurtziko Udalak eta Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIk arreta soziosanitario-koordinaziorako protokoloa sinatu dute, herritarrak artatzeko bideak erraztuko dituen lanerako gune bat bilatu eta sare biek kudeatzen dituzten kasuak koordinatzeko helburuz. Izan ere, Euskadiko Estrategia Soziosanitarioak, besteak beste, espazio soziosanitarioaren eragileen arteko koordinazioa sustatzea du helburu, herritarren bizi-kalitatea hobetze aldera.

Horrela bada, lankidetza soziosanitario prozesuetan sakondu eta aurrera egin nahian sortu da Ezkerraldea Enkarterri Cruces barruan dagoen Erakunde Sanitario eta Gizarte Ekintza zerbitzuen arteko Lankidetza eta Koordinazio Protokolo hau, denon artean jorratu eta adostutako lan-tresna gisa.

Ildo horretan, erakunde sinatzaileek elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute zerbitzu arinago emate aldera, egoerak atzeman eta laguntza egokia ematea errazagoa izan dadin.

Protokoloan adierazi bezala, hurrengo kolektibo hauek jasoko dituzte berorren onurak: bakarrik eta familiaren laguntza-sarerik gabe bizi diren herritarrak, babesik gabe egon edota tratu txarrak jaso dituzten mendekoak edo edadekoak, etxeko indarkeriaren biktimak, arrisku-egoeran edo babesik gabeko adingabeak, oinarrizko egokitze-nahasmenduak dituzten herritarrak eta abar.

“Gure asmoa argia da: gure esku ditugun baliabideak optimizatu eta herritarren eskaerei, zehatz-mehatz kolektibo ahulenei, kalitatezko erantzun bat ematea” adierazi du Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak. “Laburbilduz, kontua bi erakundeen baliabide guztiak norabide berberean jartzea da”.
Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIren izenean Santiago Rabanal zuzendari-kudeatzailea eta Juan Miguel Campayo integrazio-zuzendaria egon dira sinatze-ekitaldian. Santiago Rabanalen ustez “helburu estrategikoa da, arreta paziente eta herritarrengan jartzen duena, seguruago eta pozago senti daitezen”.

“Santurtziko Udalarekiko itun hau ezinbestekoa da herritarrenganako arreta hobetzekotan; euren osasunari dagokionean, gure eragin-eremuko eragileen artean lankidetza sistematikoa izatea ezinbestekoa baita, komunitatean sustatzaile gisa jokatuz” gaineratu du.

Izan ere, itun honek Euskadiko Estrategia Soziosanitarioa indartuko du. Azken batean, itunak osasun sistema eta gainerako administrazio eta eragile sozialen arteko lan koordinatu eta transbertsala sendotzea du helburu, kasuak elkarrekin jorratu eta herritarrengana errazago iristeko, gardentasun osoz eta modu praktikoan.

Noticia anteriorBaraila-distonietarako gida egokitua
Noticia siguienteMuin Unitateak bi sari irabazi ditu SEPen Jardunaldi Nazionaletan eta ASELMEren Sinposio Nazionalean