Ostegunean (otsailak 10), Osakidetzaren Haurren Osasun Programaren eguneraketa aurkeztu zen ekitaldi-aretoan. Zenbait ESItako LMAko erizainek eta pediatrek eta Zuzendaritza Nagusiko zenbait langilek osatutako diziplina anitzeko lantalde batek egin du. Emilio Aparicio Guerra Bilbo-Basurtuko ESIko Lehen Mailako Arretako pediatrak eta Haurren Osasun Programaren koordinatzaileak, Maria Rivera Peña Errepelegako osasun-zentroko Lehen Mailako Arretako pediatrak eta Ana Romero Candel Gallartako osasun-zentroko Lehen Mailako Arretako pediatrak (azken bi horiek Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIkoak) egin zuten aurkezpena.

Sarrerak dioenez, Haurren Osasun Programa Lehen Mailako Arretako arreta pediatrikoaren funtsezko eta ezinbesteko zati bat da. Haurren eta nerabeen osasuna prebenitzea eta sustatzea du helburu, eta zuzenean eragiten du adingabeen bizikidetza-unitate edo -inguru osoan.

Gaur egun, Osakidetzak LMAU guztietan ezarri eta egituratutako Haurren Osasun Programa bat dauka. Hala ere, berau ez da berdin garatzen Osakidetzaren ESI eta LMAU guztietan. Zehazki, heterogeneotasuna detektatu da Haurren Osasun Programan sartuta dauden bisiten kopuruan eta horien egutegian, profesionalen eta koordinazio-modu ezberdinen arteko funtzio eta jardueren banaketan eta jarduera ezberdinetarako agenda-denboren esleipenean.

Gainera, faktore zientifikoak, antolamendukoak, funtzionalak eta kulturalak daude eta horiek Haurren Osasun Planaren garapenean eragiten dute. Bada, hori dela eta, berau sakon berrikusi behar izan da. Faktore horien artean hauek nabarmentzen dira:

  • Areagotu egin da arreta pediatrikoaren eskaria. Maiz, kontsulta-arrazoi hutsalak dira, eta prebenitu egin daitezke Haurren Osasun Programan aurrea hartzeko jarduerak eginez.
  • Zailtasunak daude pediatren postuak ezagutza espezifikoa duten arlo horretako langileek hartzeko.
  • Erizaintzako eskaera akutuaren kudeaketaren eredu korporatiboa ezarri da baita eremu pediatrikoan ere.
  • Ibilbide asistentzialak ezarri dira; bronkiolitisarena, kasu. Hori esker, efektibitatea areagotu egiten da, eta biztanleria pediatrikora zuzendutako jardun asistentzialaren heterogeneotasuna txikitzen da.
  • Funtzionaltasun berriak garatu dira historia klinikoan (OGP) eta aukera dago pazienteekin horren bitarteaz (osasun-karpeta) interakzioan ibiltzeko.
  • Osasunerako hezkuntzako plataforma eta eduki berriak garatu dira (Osasun Eskola, Osakidetzaren webgunea eta Osasun Saila).
  • Ebidentzia zientifikoaren argitalpen eguneratuak pediatriaren eremuan.

Dokumentu eguneratuak jarraibide batzuk adostu nahi ditu Haurren Osasun Programa egokitu eta Osakidetzaren ESI eta LMAU guztietan estandarizatzeko, erreferentzia-esparru izan daitezen osasunaren prebentzio eta sustapeneko jarduerak –jaiotzatik arreta pediatrikoaren adin guztietan– enkoadratzeko.

Helburuak

Oro har, Haurren Osasun Programa ezarri eta eguneratu nahi du, haurren eta nerabeen osasuna sustatzeko eta prebenitzeko ikuspegiari helduta, familiak ahalik eta gehien ahaldundu eta nork bere osasunaren kudeaketan hezkuntza eta erantzukizun handiagoa izateko; komunitateko osasuneko aktiboak mobilizatzeko eta esku hartzeak, tratamenduak eta zerbitzu sanitarioak behar bezala erabiltzeko; ohitura osasungarriak sustatu eta gaixotasunak eta horien konplikazioak prebenitzeko, gehiegizko eta gutxiegizko medikalizazioaren nahigabeko ondorioak saihestuta.

Honako neurri zehatz hauek ezarri behar dira:

  • Adinen egutegi estandarizatu bat.
  • Zein profesionalek esku hartuko duen Haurren Osasun Programaren bisita bakoitzean.
  • Zein jarduera egin behar diren bisita bakoitzean.

Osakidetza guztirako Haurren Osasun Programaren definizio estandarizatu eta homogeneoarekin lortu nahi da aldakortasuna murriztea eta baterako eta kalitatezko mezu bat helaraztea.

Haurren Osasun Programa