Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Osasun Mentaleko Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalaren akreditazioa jaso du, eta, horrekin, ospitaleak lehen aldiz psikologo klinikoak eta osasun mentaleko erizainak trebatu ahal izango ditu. Hala, Osakidetzaren sarean bi irakaskuntza-unitate multiprofesional dituen lehen zentroa da, hain zuzen ere, pediatriakoa eta osasun mentalekoa ditu, eta 99 BAME, BAFE, BABE, BAPE eta BAEE plazarako irakaskuntzako akreditazioa.

Horrela, Nekane Murga Osasun sailburuak berak zoriondu nahi izan ditu, bertatik bertara, akreditazioa lortu duten taldekide guztiak.

Irakaskuntza-unitate multiprofesionalek (IUM) aukera ematen dute asistentzia-arloak partekatzen dituzten espezialitateak irakaskuntza-unitate berean prestatzeko, nahiz eta sartzeko unibertsitate-titulu ezberdina behar izan. Osasun mentaleko espezialitatearen kasuan, IUMek Psikiatriako espezialistak, psikologo klinikoak eta osasun mentaleko erizain espezialistak prestatzeko aukera ematen dute.

Guztira, Psikiatriako bi BAME plaza akreditatu dituzte –bazegoen plaza bat; beraz, hiru dira orain–, Psikologia Klinikoko bi BAPE plaza (barneko psikologo egoiliarrak) eta osasun mentaleko bi BAEE plaza (barneko erizain egoiliarrak).

BAME, BAPE eta BAEE prestakuntza koordinatzea

Iñaki Eguiluz doktoreak, zerbitzuburu gisa, zuzentzen duen zerbitzua arduratzen da Psikiatriako BAME prestakuntza koordinatzeaz, hiru BAME tutoreren laguntzaz (Rafael Segarra, Margarita Saenz eta Susana Ponce de León). Psikologia Klinikoko espezialitatean, Noemi Losada eta José María García izango dira espezialitateko etorkizuneko egoiliarren tutoreak. Osasun mentaleko erizaintzako egoiliarren prestakuntzaren koordinazioa Erizaintzako Zuzendariordetzari dagokio, Mª Felisa Fernández, Maika Rey, Eva Collado eta Mª Isabel Gonzálezen bidez.

Akreditazioa lortzeko, lantalde bat osatu zen honako hauekin: ospitaleko prestakuntza espezializatuko arduradun Marcelo Calabozo doktorea, haren laguntzaile Mª Jesús González eta Eva Mª Pérez eta Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko zerbitzuburu Sebas Martin Moreno.

Akreditazioa lortu arteko bidea

Ia bi urte igaro dira 2017ko maiatzean lantaldea sortu zenetik, Ministerioaren ebazpena jaso arte, 2019ko apirilaren 30ean. Hiru espezialitateetako ordezkariek lan andana egin dute: zentrora egokitutako prestakuntza-programak, gainbegiratze-protokoloak, tutoreen izendapena, txandakatzeak, Irakaskuntza Batzordearen onarpena eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearekin eta Basurtuko Unibertsitate Ospitalearekin hitzarmenak sinatzea, besteak beste. Lehen egunetik, bikain funtzionatu dute. Bestalde, ezin da ahaztu Prestakuntza Espezializatuko Unitateak eta Osasun Saileko Garapen Profesionaleko Zuzendaritzak egindako ekarpena.

Noticia anteriorESIak sari bat eskuratu du Zeladoreen eta Arduradunen XIX. Jardunaldietan
Noticia siguientePrestakuntza amaitu duten egoiliarrak agurtzeko ekitaldia