Gernu-traktuko infekzioak (GTI) dira osasun-laguntzarekin erlazionatutako infekziorik nagusietakoak. Haietako % 80 gernu-kateterrak erabiltzearekin daude lotuta.
Ildo horretan, Erizaintzako Zuzendaritzak hainbat ekintza planifikatu ditu kateterrekin lotutako GTI eragiten edo sustatzen duten faktoreen gainean esku hartzeko asmoz.
Lehenik eta behin, maskuriko zundaketa sartzeko, mantentzeko eta kentzeko protokoloa eguneratu dute, eta maskuriko zundaketaren teknikari eta zainketei buruzko jardunbide egokien poster bat osatu dute. Azkenik, langile fakultatiboei, erizaintzakoei, erizaintzako laguntzaileei eta zeladoreei zuzendutako prestakuntza-jarduera bat sortu dute Jakinsarean, gernu-kateterrei lotutako gernubideko infekzioak murrizteko helburuz.
Zehazki, Osakidetzako Osasun Publikoko eta Segurtasuneko Programen koordinazioak gernu-zundaketari lotutako GTI gutxitzeko ekintzen dokumentu bat prestatu eta zabaldu du. Xedea da beharrezkoak ez diren gernu-zundaketak saihestea, goiz kentzea, zunda sartzeko teknika aseptiko bat zabaltzea, zundaketak zaintzeko jardunbide egokiak erabiltzea, zundaketari lotutako GTIeen segimendua egitea eta hartutako neurrien aldizkako ebaluazioa egitea.



