Hausnarketa estrategikoko World Café (WOKA) bat egin da BioCruces Bizkaiaren instalazioetan otsailaren 5ean, BioCruces Bizkaia Institutuaren 2018-2022 aldirako Plan Estrategikoa egiteko prozesuaren barruan, 80 bat profesionali egindako banakako eta taldeko elkarrizketen osagarri.
Saioa hasteko, Institutuko zuzendari zientifiko Luis Castañok hitz egin zuen, eta eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei hausnarketa estrategikoan eta, batik bat, WOKA dinamikan parte hartzeagatik.
WOKA metodologia
WOKA solasean jarduteko eta ikaskuntza sozialerako sare informalak sortzea errazten duen metodologia da; erkidego bateko arazo garrantzitsuei buruzko komunikazioa eta esperientzia-trukea bultzatzen du, pertsona ugariren artean.
Oraingo honetan, WOKA dinamika zortzi mahairen inguruan –bederatzi bat lagunez osatua bakoitza– egituratu da. Hainbat txandaketa egin dituzte, denek lau gai-blokeak jorratzeko.
Hori horrela, Institutuaren plan estrategiko berrian definitutako helburuei estaldura emateko interesgarriak izan daitezkeen ekintzak identifikatzea izan da saioaren helburua. Horiek, bada, lau jarduketa-ardatz estrategikoren inguruan egituratzen dira:
• Ikerketa eta berrikuntza: BioCruces Bizkaia OIIko ikertzaile eta profesionalei Institutuan bikaintasuneko ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko behar diren tresnak emateko diren ekimen guziei egiten die erreferentzia.
• Talentua: BioCruces Bizkaia OIIko talentu ikertzaile eta berritzailea kudeatu eta erakartzeari eta ikerketa eta berrikuntza osasun- eta hezkuntza-arloan sustatu eta aintzatesteari lotutako neurri guztiak hartzen ditu.
• Aliantzak eta nazioartekotzea: Institutua osasun-, ikerketa- eta berrikuntza-ekosistemarekin elkarlanean aritzea bultzatzearekin eta nazioartean duen posizionamendua hobetzearekin lotuta egin daitezkeen ekintzei dagokie.
• Kudeaketa eta integrazioa: Institutuan egiten diren jarduerak hobeto koordinatzeko ekimenak eta baliabide fisikoen eta ekonomikoen kudeaketa optimizatzekoak hartzen ditu ardatz honek.
Lan-dinamika honetan 70 pertsona inguruk parte hartu dute, horien artean Institutuko profesionalek, ikertzaileek, teknikariek eta kudeaketako langileek. Bai eta BioCruces Bizkaiak egiten duen ikerketan eta berrikuntzan kolaboratzen eta parte hartzen duten kanpo-eragileek ere, dela erakunde sozietarioetakoak (EHU, BIOEF eta Osakidetza, besteak beste), dela teknologia-zentro, enpresa eta pazienteen elkarteetakoak (esaterako, CIC bioGUNE, Tecnalia, Tekniker, Ibermática, FAES, Histocell, Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Eugenia Epalza Fundazioa).
Gainera, nabarmentzekoa da Bizkaiko erakunde sanitario integratuetako zuzendaritzen ordezkariek parte hartu dutela.



