Espainiako Endokrinologia Pediatrikoko Elkartearen (SEEP) 40. Kongresua egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian maiatzaren 16an, 17an eta 18an. Kongresua Gurutzetako eta Basurtoko unibertsitate ospitaleetako endrokrinologo pediatrikoek antolatu dute, eta, bertan, Espainia guztiko 400 espezialista baino gehiago bilduko dira. Programa zientifikoa benetan interesgarria eta berritzailea izango da, eta, pediatriako aipatu azpiespezialitateak jorratzen dituen gaixotasun ugarien isla, askotariko gaiak landuko dira. Kongresuan maila handiko adituek hartuko dute parte, bai Euskal Herrikoak, bai Espainiakoak, bai nazioartekoak. Guztira, bi mahai inguru, hiru konferentzia eta aditu baten gidaritzapean egindako lau bilera egingo dira. Horrez gain, hainbat lan eta ikerketa lerroren emaitzak biltzen dituzten 200 ahozko komunikazio eta poster baino gehiago aurkeztuko dira. Kongresua irekiko duen konferentzia Samuel Refetoff maisuak eskainiko du, goren mailako aditua patologia tiroideoaren azterketan.

Mahai inguruek, berriz, jaioberrien patologia endokrinologikoak eta ugalkortasun arloa jorratuko dituzte. Beste saio batzuek ere jorratuko dituzte eragin sozial handiko gaiak, adibidez garaiera baxu idiopatikoa eta I motako diabetes mellitusaren terapia immunologikoan emandako aurrerapausoak. Egitarauan beste gai hauen inguruko hitzaldiak ere badira: gaixotasun arraro endrokinologikoak, errakitismo genetikoak, obesitate genetikoa, lipodistrofia sindromeak eta kaltzioaren metabolismoaren alterazio genetikoak.

Itxaso Rica Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia Pediatrikoko atalburua izan da Espainiako Endokrinologia Pediatrikoko Elkartearen 40. Kongresua antolatu duen batzordeko presidentea. Nabarmendu duenez, azken urteetan aurrerapauso handiak eman dituzte: «Endokrinologia pediatrikoko hainbat gaixotasunen diagnostikoan izugarrizko aurrerapausoak izan dira azken urteotan, azterketa genetikoak egiteko erreminta berriak garatu baitira. BioCruceseko ikertzaileek emango duten konferentzia batean, aurrerapauso horietan sakonduko dugu, exomaren edo genomaren azterketen esanahia eta erabilgarritasun klinikoa aztertuz. I motako diabetesa duten haur eta nerabeen tratamenduan ere izugarrizko aurrerapausoak eman dira azken urteotan gaixoen bizi kalitatea hobetzea ahalbidetzen duten teknologia berriei esker».

Bilbon egingo den kongresuaren helburu nagusia profesionalek ezagutzak eguneratu eta partekatzeko aukera izatea da. Ildo horretan, jorratuko diren hainbat auzi benetan garrantzitsuak direla nabarmendu behar da, endokrinologo pediatrikoen zeregina funtsezkoa baita sortzetiko hipotiroidismoa, diabetes mellitusa eta giltzurrun gaineko sortzetiko hipoplasia bezalako gaixotasunen detekzio goiztiarrerako. Kontuan izan behar da gaixotasunon diagnostikoa, eta, ondorioz, baita tratamendua ere, atzeratu egiten bada, haurren osasunaren gaineko arriskuak nabarmen areagotzen direla. Beste oso auzi garrantzitsu bat helduen artean prebalentzia handia duten gaixotasunen prebentzioan lan eraginkorra egitea da; adibidez, haurren artean obesitatearen profilaxi eta tratamendu egokia bultzatzea berme dira helduaroan II motako diabetesa izatea saihesteko. Ildo horretan, kontuan izan behar da II motako diabetesa helduen artean gero eta ohikoagoa den kostu soziosanitario izugarriko gaixotasuna dela. Aipatu ere endrokrinologo pediatrikoek funtsezko zeregina jokatzen dutela bai morbilitate altuko gaixotasun genetiko endrokrinoak dituzten haurrek osasun-laguntza egokia jasotzea bermatzeko, bai eta haur transexualek tratamendu endokrinologiko egokia jasotzea bermatzeko ere.

«Kongresuak parte-hartzaile guztiei ezagutzak jaso eta eguneratzeko aukera eskainiko die, eta esperientziak eta ikerlanen emaitzak ere partekatu ahal izango dituzte. Hori guztia beharrezkoa da gure azken helburua betetzeko, hau da, patologia endokrinologikoak dituzten haur eta nerabe guztiek osasun-asistentzia egokia jaso dezaten», nabarmendu du azkenik Itxaso Ricak.

Noticia anteriorLau sari Zeladoreen Jardunaldi Nazionaletan
Noticia siguienteSomorrostro Prestakuntza Zentroak lehen sorospenen gaineko trebakuntza eskaini die bere ikasleen talde guztiei, EEC ESIri esker