Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztientzako kalitatezko euskal osasun sistema publikoko sarbidea bermatzen jarraitzea da Osasun Sailak 2017. urterako jarritako 3.537.477.000 euroko aurrekontuaren oinarrizko helburua.

Hala nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu Jon Darpónek, Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordearen aurrean egindako bere Sailaren aurrekontuen aurkezpenean. Eusko Jaurlaritzaren kontu sail handiena da, esan nahi baita Iñigo Urkullu Lehendakariaren gobernuko aurrekontu osoaren % 32.

Hain zuzen, Osasun Sailaren aurrekontu zuzkidura honek are gehiago sendotu du osasun sistema publiko eta pertsonen aldeko konpromisoa, 1.619 euroko per capita gastuaz, iazko 1.572 €-en aldean. Alde horretatik, Osasun Sailburuak adierazi duenez, aurten aurrekontua %3,4 igotzea “horrek modua emango digu Euskal Autonomia Erkidegoan bizi garen pertsonen osasuna eta ongizatea zaintzen jarraitzeko”.

Orotara, Osasun Sailaren kontu sail handiena Osakidetzako Kontratu Programarako da, eta % 4 hazi da: 2.644 milioitara heltzen da, iazko 2.545 milioien aldean.

Osakidetzaren aurrekontu globalaren portzentaje-banaketari dagokionez, Osasun Sailburuak nabarmendu du 55 milioi euroko hazkundea izango duela pertsonal gastuan Osakidetzan enplegua egonkortu eta Urdulizeko Ospitale berrian langile kopurua handitzeko. Beraz, 1.825 milioi eurotara bideratuko dira pertsonal gastuan, Osakidetzaren guztizko aurrekontuaren %68,2 delarik. “Aurrekontu hauek, ondo agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzak enplegu publiko eta osasun sistema publikoaren alde duen asmo argia”.

Halaber, Osasun Sailburuak azaldu du Osakidetzaren aurrekontu orokorreko gainerakoaren % 10,5 ospitaleetako farmaziara bideratuko dela, % 10 material sanitariora, eta % 11,3 beste funtzionamendu gastuetara.

Bestalde, 2017. urtean, Osakidetzak 52,7 milioi euro izango ditu (alegia, % 8,3 gehiago) azpiegiturak zein teknologia mantendu eta hobetzeko, eta zenbateko hori ondorengo moduan banatuko da lurraldeka: % 20,1 Araban (Arabako Unibertsitate Ospitalea eta Amurrio, Kanpezu eta Murgiako osasun zentroak); % 41,2 Bizkaian (Biocruces Osasun Ikerketa Institutua, Urdulizko Ospitalea, Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, Galdakao-Usansoloko Ospitalea eta Zallako osasun zentroa); % 26,3 Gipuzkoan (Eibarko Ospitalea eta Alde Zaharreko zein Aieteko osasun zentroak). Gainerakoa, batez ere baliatzen da Osakidetza osoaren proiektuetarako eta ekipamendu berri erosteko.

Informazio gehiago ikusi: Prentsa-oharra