Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguneko kanpaina erakundeen artekoa izango da aurten. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek erakunde guztien arteko kanpaina koordinatua egin dute. Kanpaina bateratu honek zuzenean hitz egiten die gizonei eta gogoratzen die “bakarrik bai dela baietz” eta “ezetz esateko modu asko daudela, baina bat bakarra ulertzeko”. Kanpaina honetan, gizonak dira, emakumeekin batera, beste gizon batzuei galdera hau egiten dietenak: “Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz”.
Genero eta osasuna taldearen artikuloa
“BAT EGIN” EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA
Gaur, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeria “ikusarazteko” eguna da; ez zaigu gustatzen ospakizunez edo oroitzapenez hitz egitea, ez baikara festaz ari: gizarte gisa gogoratu nahi dugu errealitate hori gure ondoan eta gure bizitzetan egon badagoela.
Eta emakume bati gertatzen zaionak herritar guztioi eragiten digu.
Emakumeen aurkako indarkeria da genero-desberdintasunaren adierazlerik handiena munduan, hala jasota baitago Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian (Beijing 1995), eta hura desagerraraztea da Garapen Jasangarrirako Helburua, 2030 Agendan: «Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria-mota guztiak ezabatzea eremu publikoan eta pribatuan, salerosketa, sexu-esplotazioa eta beste esplotazio mota batzuk barne».
Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna 1981ean hasi zen Latinoamerikan, Minerva, Patria eta María Teresa Mirabal-en omenez. Dominikar Errepublikako hiru ahizpa horiek 1960ko azaroaren 25ean hil zituzten, Rafael Leónidas Trujillo diktadorearen aginduz, haren erregimenaren aurkakoak baitziren.
“Tximeletak” ezizenez ezagunak ziren Mirabal ahizpen gorpuak amildegi batean hondoratutako jeep baten barruan aurkitu zituzten, erabat suntsiturik. Diktadoreak bidalitako sikario talde batek hil zituen. Istripua izan zela itxurak egiten saiatu arren, inork ez zuen zalantzan jarri krimen bat izan zela.
NBE-EMAKUMEAK: “16 aktibismo-egun emakume eta neskatoen aurkako genero-indarkeriaren kontra, honako leloarekin: BAT EGIN”
Urteroko kanpaina da, azaroaren 25ean hasi, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, eta abenduaren 10ean amaitzen dena, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.
- Hiru emakumetik batek baino gehiagok genero-indarkeria pairatzen du noizbait bere bizitzan.
- 2021ean, 20 eta 24 urte bitarteko bost emakumetik ia bat ezkondu zen 18 urte bete aurretik.
- Indarkeria jasaten duten emakumeen % 40k baino gutxiagok bilatzen du laguntza.
Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriak munduan hedatuen dagoen giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du. Prebalentzia hori larriagotu egin zen COVID-19aren pandemiaren ondorioz, eta are gehiago handitzen ari da klima-aldaketarekin, munduko gatazkarekin eta ezegonkortasun ekonomikoarekin lotutako krisiengatik.
Emakumeen eskubideen aurkako erreakzio bortitza gertatzen ari da mundu osoan. Mugimendu antifeministak gero eta ugariagoak dira, giza eskubideen defendatzaileen eta aktibisten aurkako erasoak ohikoagoak dira, eta emakumeen eskubideen egoera juridikoa gero eta mehatxatuago dago herrialde askotan. Lege erregresibo berriek areagotu egiten dute emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriaren eragileen zigorgabetasuna eremu pribatuan, gobernuek indarra erabiltzen dute genero-indarkeriaren eta feminizidioaren aurkako manifestazioetan, eta emakumeen eskubideen aldeko erakundeak gero eta baztertutago geratzen ari dira.
Hilabetero, hilaren 25ean Egun Laranja antolatzen dugu, indarkeria matxistarekin amaitzeko beharra ikusarazteko. Helburu horrekin, NBEk, Garapen Jasangarrirako Helburuen esparruan, “BAT EGIN” kanpaina sustatzen du, emakumeen aurkako indarkeriari amaiera emateko.
ZURE EKIMENA, ZURE IDEIA… BILATZEN DUGU
Eskerrik asko
Oraindik ikusi ez baduzu, EMAKUNDEaren “VOLAR” filma ikustea gomendatzen dizugu, Euskadiko 9 testigantza biltzen dituen gizarte-sentsibilizaziorako filma.
“Oinak, zertarako nahi zaituztet, hegan egiteko hegalak badauzkat?”
Frida Kahlo
OSASUNA GUZTIONTZAT
ESIk antolatutako Osasuna Guztiontzat zikloaren barruan, mahai-inguru bat egingo da azaroaren 29an Gordexolako Ibarra Kultur Aretoan, “No me creen” film laburra proiektatu ondoren.