Azaroak 18, Antibiotikoak Zuhurtziaz Erabiltzeko Europako Eguna da. Bakterio multirresistenteek eragindako infekzioak osasun-arazo handia dira gaur egun. Europan, urtero, 25.000 lagun hiltzen dira horrelako bakterioek eragindako infekzioen ondorioz. Heriotza horiek gutxiagotzeko, zientzia-elkarteek hainbat neurri hartu beharra nabarmentzen dute, besteak beste, ospitaleetan eta Lehen Mailako Arretan Antibiotikoen Erabilera Optimizatzeko programak (AEOP) bultzatzea eta horren gaineko kontzientziazioa sustatzea, bai osasun-langileen bai herritarren artean.

Egun horren bidez, herritarrak ohartarazi nahi dira antibiotikoak behar bezala ez erabiltzeak mikrobioen aurkako erresistentziak handitzean duen eraginari buruz; horretarako, urtero, Estatu mailako kanpainak jartzen dira abian, gako-mezuak eta euskarri bateratuko materialak ardatz hartuta; Europako Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Zentroaren web-orrian kontsulta daitezke. Halaber, azaroaren 13tik 19ra bitartean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) antolatutako antibiotikoei buruzko kontzientziazioaren mundu-astea izango da. Aurtengo goiburua hau izango da: «Eskatu aholkua osasuneko profesional bati antibiotikoak hartu aurretik».

Egungo joerarekin jarraituz gero, 2050ean, munduan 10 milioi pertsona hilko dira bakterio multirresistenteek eragindako infekzioengatik, hau da, minbiziak edo diabetesak edo trafiko-istripuek eraginda baino gehiago. Hala, kanpaina horiek helburu hauek izango dituzte: mikrobioen aurkakoekiko erresistentzia mundu mailan ezaguna den osasun-auzi bat izatea; behar bezala erabiliz, antibiotikoen gaitasuna zaintzeaz kontzientziatzea; antibiotikoekiko erresistentziaren aurka hainbat aldetatik (gobernuak, osasuneko eta beste sektore batzuetako —adibidez, nekazaritza edo abeltzaintza— profesionalak eta pazienteak berak) egin daitekeela jendartean hedatzea eta jarrerak alda daitezen bultzatzea, sektore horietako bakoitzak ekintza xumeak egiteak izan dezakeen eragina nabarmenduz.

https://antibiotic.ecdc.europa.eu/en

Noticia anteriorBuxadurazko arnas gaixotasun kronikoaren mundu-eguna
Noticia siguienteGenero indarkeriari buruzko erakusketa