Ana González Navajas, laneko arriskuen prebentziorako teknikaria, eta Miriam Alzaga Gangoitik, Zerbitzu Orokorretako ingeniari teknikoa, biak ala biak Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko langileak, Inspira STEAM izeneko programan aritu dira lanean. Proiektu aitzindaria da eta STEAM deritzen ikasgaiak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) sustatzea du helburu, bereziki Lehen Hezkuntzako nesken artean. Borondatezko lana egiten dute eta pizgarria da gure langileek ikastetxeetan lagundu dezaten bokazio zientifikoak sustatzen.

Ana KUETO HLHI Sestaoko ikastetxe publikoan egiten dabil boluntariotza-lana, eta proiektuaren xede-taldea Lehen Hezkuntzako 6. maila da, 10-11 urteko umeak, alegia: “Duela zenbait urte izan nuen proiektuaren berri, lagun batzuek aholkulari gisa hartzen zutelako parte, eta oso ideia interesgarria iruditu zitzaidan, are gehiago gure inguruan gai horri dagokionez ditugun datuak eman zizkidatenean. Zientzietakoa naiz eta STEAM arloan egin dut lan nire lanbide-garapenaren hainbat unetan; hala ere, bi alaba ditut eta, nerabetan ohikoa izan ohi den bezala, amak ez gara haien eredu, eta oso garrantzitsua iruditzen zait era batera edo bestera zientzia eta teknologiarekiko pizgarria eta motibazioa jasotzea, etorkizunera begira aukera gisa baloratu dezaten.

Horixe da, hain zuzen ere, proiektu honen helburua: jakin-mina piztea eta kontzientziak astintzea. Aurten, gainera, esleitu didaten ikastetxeak beste erronka bat du: askotariko ikasleak daude, askotan gizarte-maila xumekoak; hortaz, are motibagarriagoa da esperientzia”.

Bestalde, Miriam Alzaga BAKIOKO URKITZA ESKOLAKO umeekin dabil lanean:

“Nire seme-alaben eskolak aholkulariak eskatu zituen eta, neure burua erreferentetzat ez badut ere, konturatu nintzen emakume ingeniari gutxi gaudela eta, beraz, proiektu honetan parte hartzera animatu nintzen. Nire ustez oso garrantzitsua da bereziki neskatilek hurbileko erreferenteak izatea eta STEAM arloan ikasteko gogoa piztea, etorkizun hobea izateko”.

Honela azaldu da webgunean: “Inspira STEAM proiektu aitzindaria da, eta gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea du helburu, batez ere nesken artean. Ikerketa, zientzia eta teknologiaren munduko profesionalek (emakume eta gizonek) ematen dituzten sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzetan oinarritzen da. Lehenengoz erabili da taldeko aholkularitza-teknika Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, STEAM gaiak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) sustatzeko proiektu batean.

Gure proiektuaren muina aholkulariak dira eta borondatez haien eguneroko bizitza azaltzen diete neska-mutilei, eskola-orduetan egiten diren sei lan-saioetan. Denak dira zientzialariak eta teknologoak, hainbat arlotan (akademikoa, enpresakoa, ikerketa, kudeaketa, etab.)”.

Noticia anteriorOsasun-jarduketan emakumeen mutilazio genitala jorratzeko saioa
Noticia siguienteMorbimortalitatea murriztea eta bizi-itxaropena hobetzea dira iktusa duten pazienteen arreta-planaren helburuak