Pequeño Deseo Fundazioak eta EEC ESIk 2015ean hasitako bideak gaixotasun larriak edo kronikoak dituztelako ospitaleratuta dauden 107 haurren nahiak errealitate bihurtu ditu. Helburua haurrak animatzea da, haien eguneroko borroka eramangarri bihurtuko duten alaitasun- eta ilusio-momentuak ematea.

Eta nola betetzen dira, bada, txikienen nahiak? Fundazioko zuzendari Cristina Cuadradok azaldu digunez, «ospitaleko langileek gurasoak aurkezten dizkigute, eta haiei jakinarazten diegu zer egiten dugun eta zertarako, eta haien haurrarekin lan egitea nahi duten erabakitzen dute. Baimena eman ondoren, haurra ikusten dugu, bere nahi handiena lortzeko behar bestetan. Ez diogu esaten bere nahia beteko dugula, itxaropen faltsurik ez sortzeko eta, sorpresa bat izanik, efektua handiagoa izateko. Zer nahi duen argi dugunean, artatzen duen medikuarekin hitz egiten dugu, nahia egokia den berresteko orduan azken hitza baitu».

Fundazioak 19 urte daramatza lanean 33 ospitale pediatrikotan baino gehiagotan, eta Espainia osoko 4 eta 18 urte arteko haurren 4.000 nahi baino gehiago bete ditu. Gurutzetako Ospitaleko lana Bilboko ordezkaritzatik egiten da. Bertan lan egiten dute Elsa González proiektu-arduradunak eta María Albero koordinatzaileak.

Txikienen nahiak askotarikoak dira, haien irudimena bera bezalaxe: egun batez suhiltzaile edo sukaldari izatea, izurde artean igeri egitea edo panda hartz bat zaintzea, Parisera joatea, kirol- edo musika-idoloa ezagutzea, txakur bat eduki eta zaintzea, eta itsasoa edo elurra lehen aldiz ikustea. Cristina Cuadradok adierazi duenez, «nahiak errealitate bihurtzeko gastuak Fundazioak ordaintzen ditu, gure lanarekin identifikatzen diren partikularren eta enpresen laguntzarekin».

Noticia anteriorHitzarmena Calasanz lanbide-ikastegiarekin ikasleei 3D inprimaketari buruzko prestakuntza emateko
Noticia siguienteOsakidetzako profesionalek 629 eraso, ahozko zein fisiko, salatu zituzten 2018. urtean